MUGIKORRAK ESKOLAN

MUGIKORREN ERABILERAK, BAKARRA ALA UGARIAK?



Denborak hegan egiten du aurrera eta gizartean aldaketak gertatzen diren bitartean, horrek barnean biltzen dituen esparruetan ere aldaketak gertatzen dira konturatu ere egin barik. Hezkuntza kasu, gaur egun, mugikorrak horrekin lotu eta probetxuzko zerbait ateratzea izugarri zail ikusten da. Hau da, gizarteak ia ezinezkotzat du hezkuntzan mugikorrek erabilera didaktiko bat izatea. Izan ere, IKT honen erabilera desegokia izan da ikasleen partetik, irakasleengan horien erabilerarekiko desadostasun edo beldur bat. Erabilera desegokia esatean helburu didaktikoekin lotuta ez dagoen erabilerarekin lotzen da, irakasleei argazkiak ateratzearekin gero sare-sozialetan eskegitzeko, liskarren grabaketak egiteko, besteak beste. Beraz, horrek hain garrantzitsua eta positiboa izan daitekeen gailua hezkuntzatik kanpo uztea ekarri du, bere ondorio guztiekin, hots, ezin izango dira mugikorrak irakaste-ikaste prozesua hobetzeko erabili.

Guretzako ere zaila da mugikorrak hezkuntzan izaera didaktiko batekin ikustea, nahiz eta egunerokoan horiek erabiltzen ditugun hainbat gauzetarako. Izan ere, hasieran esan bezala, gizartean dauden aldaketa bortitzek hezkuntzan ere aldaketa bortitzak egotea, edo behintzat hori nahi izatea, eragin du. Beste gauza bat da horiek onartuak izatea, edota eskoletan aldaketak horiek aplikatzea. Hala ere, eskolek gizartearen isla izan behar dute, eta gizartean zerbait gertatzen baldin bada, eskolara eraman beharreko kontua da, ezta? Guretzat, bederen, eskolek eta horien funtzionamenduek gizartearen araberakoak izan behar dute, hots, ezin dira iraganeko metodoetan gertatu gizartean aurrerakuntza nabariak izan direnean.

Hemendik abiatuta, gure erronka hainbat galderen erantzuna bilatzea izango da: noiz hasi behar dute umeek gero eta lehenago izaten dituzten mugikorrak erabiltzen?; zertarako eta nola erabiliko dituzte eskolan?; eskolatik kanpo ikasteko erabil dezakete? Nola?;  horiek erabiliz eskolan ariketak egin daitezke?. Galdera mordoa dira, nahiz eta aurreko nagusi horiek erantzunda uste dugun gainontzeko “azpi-galderak” erantzunda geratuko direla. Horrez gain, esan behar dugu, horiek erantzuteko azken egun hauetan jasotako informazioan oinarritzeaz gain, esperientzietan eta ikusitako zenbait egoeretan oinarritu garela.
Hasteko, esan behar dugu mugikorrak gure gizartean gero eta gehiago erabiltzen diren teknologiak direla. Gizartearekin jarri diogun harreman horrek hamaika faktore bil ditzake. Esaterako, nork ez du inoiz ikusi ongi jantzia dagoen pertsonaren bat lanera bidean edo lanetik bueltan laneko kontuak argitzen? Lan ugaritan ezinbesteko tramankulu bilakatu den gailua da sakelakoa. Beste egoera argi bat zera da, umeek gero eta gazteago jasotzen dutela euren lehenengo mugikorra. Beraz, ondorioztatu dezakegu gizarteak IKT honen erabilera eskatzen duela nolabait, eta hortaz, gizarteak berak  (familiak…) umeak bertan bizitzeko prestatzen dituela, eguneroko bizitzan erabiltzen diren gailu horiek eskainiz eta emanez.

Harrigarria bada ere, ondorengo irudian taldekide baten lagun baten semea ikus dezakezue, oraindik oinez ere ez dakiena eta urte bete hiru aste barru beteko dituena. Eta zer dauka eskuan? Jostailuzkoa bai, baina, mugikorra dauka. Egia da deirik egingo ez duela, mezurik bidaliko ez duela, baina oinez jakin ez eta eskuetan horrelako tresnak nola erabili irakasten ari zaio inkontzienteki. Gainera, irudiak dituzten botoietan ematean irudi bakoitzari dagokion soinua egiten du jostailuak, eta horrela, irudiak soinuekin eta errealitatearekin lotzen hasten da umea.     
                       
Agian, goizegi dela pentsa dezakezue, baina, gizarteak IKTak ongi erabiltzen jakitea eskatzen badu (bai lanera eta bai beste gauzetarako), zergatik ez hasi jostailuen bidez IKTak direlakoan horien inguruko zerbait irakasten? Gure ustez, berdin da noiz hasi etorkizunean aurkituko dutena irakasten, kontua unea heltzean horiek prest egotea baita. Hala ere, ezin dugu ahaztu hori familien kontua dela, eurek aukeratzen baitute nola, noiz, zertarako eta zerekin hezi euren seme-alabak.

Bestetik, eskolarekin lotutako ariketak ARIKETAK IKT-EKIN orrialdean azalduko ditugu zehatzago eta argiago. Hala ere, esan behar dugu ongi pentsatuta, badaudela ariketa ugari mugikorren egin daitezkeenak. Esate baterako,  orain arte idatziz egin ditugun ariketa asko gailu horien bidez egin daitezke. Gainera, horiek erabiltzeak ikasleengan motibazioa suspertu dezakeelakoan gaude, ikasteko gogoak handiagoak izanik; eta gure ustez, horrek, gehienetan, emaitza hobeak lortzea eragiten du, izan ere, motibazioa eta zerbaitetarako gogoa izatea da helburu jakin hori lortzeko oinarria. Bestalde esan behar dugu, mailaz aurrera egin ahala, ariketak zailagoak bilakatuko direla, atzerriko hizkuntza ikastean, hiztegitik gramatikara igaroz, esate baterako.

Ildo beretik jarraituz, irakaste-ikaste prozesuko metodologia ere alda genezake. Adibidez, apunteak hartzeko zergatik ez mugikorra erabili grabaketen bitartez? Zergatik ez grabatu gure burua klase aurrean azalpen bat eman behar dugunean, eta gero grabaketa hori jarri ia klase guztietan dauden proiektore horietan? Zergatik ez grabatu talde lan baten nondik norakoak, horrela arazo eta aurrerapenen berri izanda, aurreragoko lana eta talde dinamika errazago aurrera ateratzeko? Zergatik ez mugikorra erabili, besterik gabe, gauza gordetzeko? Zergatik ez mugikorra erabili klaseko egoera adierazgarriren bat argazki bidez gordeta izan eta klase hori errazago gogoratzeko? Ziurrenik, denbora luzez pentsatzen jarriko bagina erabilera didaktiko gehiago aterako genizkioke tramankulu honi.

Hala eta guztiz ere, aipatu nahiko genuke erabilera horien kontrola ezinbestekoa dela, ikasle askok ez baitute barneratuta helburu didaktikoak lortzeko baliabideak direla sakelakoak, eta baita gainontzeko IKTak ere. Uste dute entretenimendurako soilik direla , beraz, agian gazteak kontzientziatzeko lana egin beharko litzateke, hitzaldi eta abarren bidez.

Amaitzeko, gustatuko litzaiguke esatea, eskolaz kanpo ere sakelakoekin ikasi egin daitekeela. Pasadan egunean gutako bat zazpi urte inguruko ume bat ikusi zuen metroan, emakume batekin (zaintzailearekin akaso), eta metroan sartu eta berehala mugikorra atera zuten. Umeak bidai osoan zehar tresna eskuetan izan zuen eta ingelera ikasten zihoan, ingelerako hiztegia, alegia. Lau irudi agertzen zitzaizkion pantailan eta behealdean, irudi guztien azpian, hitz bakar bat. Mutilak hitzak zer esan nahi zuen asmatu behar zuen, erantzun zekienean irudi horren gainean atzamarrarekin joz (ukimen-pantailek hori da daukatena, gainean jo eta kasu egiten digute). Erantzuna zuzena bazen hurrengo hitz batera igarotzen zen, jokoak aurrera eginez; ez asmatzean, ordea, berriro agertzen zitzaion galdera bera umeak erantzun egokia eman arte.  Eta eskolaz kanpoko ariketa honetan, umeak ikasi egiten du, ezin dugu hori zalantzan jarri. Hala ere, ariketa horiek egitera bultzatzen duen zera da, mugikor batekin ari dela jolasean, berriro diot, JOLASEAN, berak jolasten ari dela pentsatzen baitu.


Laburbilduz, gizartean gero eta gehiago erabiltzen dira IKTak eta ,beraz, MUGIKORRAK. Hortaz, inkontzienteki edo kontzienteki familiek euren seme-alabek etorkizunean mugikorrak erabiltzen jakiteko erraztasunak eskaintzen dituzte, sakelako horiek gero eta arinago erosiz. Gainera, betidanik ezagutu ditugun erabilera desegokiak murriztu eta erabilera didaktikoak bermatzeko baliatu behar digutu, bai pertsona moduan eta baita maisu-maistra moduan ere, umeen motibazio eta ikasteko gogoek gora egiten baitute horiek erabilita, horrela, emaitzak ere hobeak izan daitezkeelarik. Hala ere, ezin dugu ahaztu, gizartearen eta hezkuntzaren aldaketa bortitzak direla eta, jendea kontzientzako hitzaldiak ere askotan ezinbestekoak direla, horretara maiz jotzen ez dugun arren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario